XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun luze eta latz haietan sakoneraino sartu zidaten izuaren mamua bere gordelekutik irten eta nitaz jabetu zen.

Nire atzetik ote zebiltzan berriro? Izua aurpegian marraztuta nuelarik begira gelditu nintzaion. Beldurrak erraiak jaten zizkidan.

Serioagotu egin zitzaion musua.

- Zer gertatzen zaik? Ondo al hago? -galdetu zidan kezkaz antza.

Mutu, begira jarraitu nintzaion.

- Esan zerbait -xuxurlatu zidan bere eskuineko eskuaz nire sorbaldari heldu eta astindu bat emanez.

- Oraintxe esan dunana -lortu nuen azkenik ahoskatzea.

- Nik hi ezagutzen haudala eta hik ni ez?

Baiezkoa egin nion buruarekin.

- Ostia! Barka ezak! Ez nauk konturatu!

Konturatu zertaz? galdetu nion nire buruari.

- Lasai motel! Txakurrak hik bezain gutxi maite ditiat.

Hitzok lasaitu baino larriagotu egin ninduten; lartxo zekien nitaz eta.

Brandyz erdibetetako kopa ezpainetara eraman zuenean bere begi berde sakonek berdeak al ziren benetan ? Izar Beltzaren argi-eskasiak egiazko koloreak ezkutatzen baitizkizu maiz irribarre egin zidaten.

- Kontxo, susto ederra eman egin didak. Zerbait larri gertatzen ari zitzaiala pentsatu diat -erantsi zuen hitzez.

Larriagorik ba al dago? pentsatu nuen.

- Hor aurreko hanburgesa-txiringitoan egiten diat lan eta aspertu alditan zulo honetara sartzen den jendeari begira egoten natzaiok.

Zertxobait lasaitu nintzen. Berak ere nire bizio txiki bera zuen, jendearen joan-etorriei begiratzea alegia. Gogaide ginen, nonbait.